Cabecera contenido seccion noticias

Eduki publikatzailea

22_0342 Ertzaintzak gizon bat atxilotu du Bilbon mediku-errezetak faltsutzeagatik eta droga-trafikoagatik

Beste lau gazte ere ari dira ikertzen gertakariekin lotuta

Ertzaintzak gizon bat atxilotu du Bilbon mediku-errezetak faltsutzeagatik eta droga-trafikoagatik

Servicio de prensa

2022-05-08

Ertzaintzak 18 urteko gazte bat atxilotu du Bizkaiko hiriburuan, agiriak faltsutzea eta droga trafikoa leporatuta. Gainera, egoera zibila usurpatzearen delitua ere leporatu diote, hirugarrenen nortasun-agiriak erabiltzen baitzituen farmazietan botika jakin batzuk erosteko. Gero, normalean, legez kanpo saltzen zituen hogei urte inguruko kontsumitzaileen artean, eta hauek helburu ludikoekin kontsumitzen zituzten.

Ikerketa aurtengo martxoan jarri zuten abian herritarrei esker, Ertzaintzari mediku-errezeten legez kanpoko ustezko negozio baten eta botiken trafikoaren berri eman ziotenean. 

Bilboko Ertzain-etxeko agente espezializatuak informazioa biltzen hasi ziren, eta egiaztatu ahal zan zuten komunitate farmazeutikoak susmatzen zuela faltsututa egon zitekeen errezeta-sorta baten banaketaz.  Errezetek ezaugarri bat bera zuten: guztiak Euskal Autonomia Erkidegotik kanpora lan egiten zuten mediku elkargokideek eginda zeuden. Gainera, agenteek jakin zuten mediku horietako bati hainbat hilabete lehenago eman ziola horren berri Nafarroako Erkidegoko Farmazia Ikuskapeneko Atalak eta zegokion salaketa jarri zuela identitatea usurpatzearen delitu baten biktima gisa. 

Lehenengo ikerketen bidez zehaztasunez erlazionatu zuten pertsona bat ikertutako delituekin, eta joan den ostegunean, maiatzaren 5ean, atxilotu zuten droga-trafikoaren, agiri pribatua faltsutzearen eta egoera zibila usurpatzearen delituak leporatuta. 

Ertzaintzak pertsona horren etxean sartu eta miaketa egin zuen, eta faltsututako errezeta ugari aurkitu zituen, guztiak autonomia-erkidegotik kanpora bizi diren medikuen izenean.

Ustezko delitugilea, 18 urteko gaztea, polizia-egoitzara eraman zuten zegozkion eginbideak betetzeko, eta arratsalde horretan bertan jarri zuten agintari judizialaren eskuetan Bilboko Guardiako Epaitegian.  

Atxilotuak lehendik ere bazituen gertaera berberekin erlazionatutako polizia-aurrekariak Kantabriako Autonomia Erkidegoan. Kasu hartan errezeten ereduak bereganatzen zituen, eta edukia aldatzen zuen lehen aipatutako mediku elkargokideen datu errealak hartuta. Adierazi behar da legez kanpo agintzen zituen farmakoak patologia psikiatrikoak tratatzeko erabiltzen direla edo mendetasuna sor dezaketen botikak direla, hau da, antsiolitikoak, opiazeoak, eta abar. 

Errezetak faltsutzen zituenean, hirugarren partikularrei (gehienak 20 bat urteko gazteak) saltzen zizkien, eta hauek botikak farmazietan erosten zituzten edo atxilotuak berak erosi eta saltzen zituen, normalean substantzia sorgorgarri moduan erabiltzeko. Olgetarako drogak deitzen direnak dira. 

Bestalde, ikerketak zabalik jarraitzen du eta Ertzaintza 18 urtetik 23 urtera bitarteko beste lau gazte ere ikertzen ari da gertakarietan inplikatuta egoteagatik, agiri pribatua faltsutzearen ustezko delituak leporatuta.