Cabecera contenido seccion noticias
Eduki publikatzailea
22_0372 Bilbon sei pertsona atxilotu dituzte azken orduotan indarrez tira eginda kateak lapurtzeagatik

Bilbon sei pertsona atxilotu dituzte azken orduotan indarrez tira eginda kateak lapurtzeagatik
2022-05-14
Bilboko Ertzain-etxeko agenteek hiru delitutan inplikatuta dauden 17 urteko bost adingabe eta 18 urteko gazte bat atxilotu dituzte azken orduotan; gazteek urrezko bi kate eta zilarrezko bat lapurtu dituzte. Arrastatu dituzten adingabeak legezko tutoreen eskuetan jarri dituzte, eta 18 urteko gaztea agintari judizialaren eskuetan. Horietako bakarren batek lehenago ere egin izan ditu halako lapurretak.
Lehenengo lapurreta ostegun arratsaldeko hiru eta erdiak aldera gertatu zen Bilboko Alde Zaharrean. Biktimak, beste ikaskide batzuekin ikasketa-bidaian zegoen Frantziako turista adingabe batek, ohartarazi zuen hiru gazte inguratu zitzaizkiola eta bik arreta galarazten zioten bitartean hirugarrenak, atzetik eraso egin eta bularraldean kolpe bat eman ondoren, lepoan zeraman urrezko katea kendu ziola indarrez tira eginda. Lapurrak ihesi joan ziren, baina handik minutu batzuetara horietako bi Ertzaintzaren patruila batek aurkitu zituen lekukoek emandako deskribapenari esker.
Arrastatuak, 17 eta 18 urtekoak, polizia-egoitzara eraman zituzten, eta bertako eginbideak amaitu ostean adingabea legezko tutorearen eskuetan utzi zuten eta bestea agintari judizialaren eskuetan.
Ostiral goizaldean pertsona batek 112 SOS DEIAK zerbitzura egindako dei baten bidez Ertzaintzari jakinarazi zion Bilboko Abando auzoan oinez zihoanean indarrez tira eginda katea kendu ziotela. Gazteari, 17 urtekoari, kasu honetan ere hiru gazte hurbildu zitzaizkion, eta arreta galarazteko elkarrizketa “zentzugabe” baten ostean gainera joan zitzaizkion eta lepoan zeraman urrezko katea kendu zioten indarrez tira eginda. Herritarrak babesteko lanetan ari zen Ertzaintzaren patruila batek inguruan aurkitu zituen deskribatutako ezaugarri fisikoekin eta jantziekin bat zetozen bi gazte, eta biktimak ezagutu zituenean, biak atxilotu zituzten indarkeria erabiliz lapurreta egitea leporatuta.
Atxilotuak, biak 17 urteko adingabeak, polizia-egoitzara eraman zituzten, eta adingabeen fiskaltzari gertaeraren berri eman ondoren, biak legezko tutoreen eskuetan jarri dituzte.
Era horretako azken gertaera atzo, ostirala, gauean jazo zen Bizkaiko hiriburuko Alde Zaharrean. Biktimari, 19 urteko gazte bati, beste kasuetan bezala bi gazte hurbildu zitzaizkion, eta horietako batek elkarrizketa hutsal batekin entretenitzen zuen bitartean, besteak kolpea eman zion bularraldean eta lepoan zeraman katea, kasu honetan zilarrezkoa, kendu zion indarrez tira eginda. Katea hartuta ihes egin zuten bi gazteek, baina handik laster aurkitu zituen lapurreta egin zuten lekutik hurbil Ertzaintzaren patruila batek, eta agenteek atxilotu egin zituzten arrastatuetako batek lepoan zeraman katea lapurtutakoarekin bat zetorrela egiaztatu ondoren.
Arrastatuak, 17 urteko bi adingabe, polizia-egoitzara eraman zituzten eta, gertaeren berri adingabeen fiskaltzari eman ondoren, legezko tutoreen eskuetan jarri zituzten.
MODUS OPERANDIA
Kasu guztietan errepikatu egiten da modus operandia, bi edo hiru pertsona biktimarengana hurbiltzen dira eta, galdera hutsal batekin edo zigarro bat eskatuz arreta galarazi ondoren, lepoan kateren bat edo balioko beste objekturen bat daraman begiratzen dute. Erasotzaileetako batek indarrez tira egiten dio kateari, eta bultzaka eta zangotrabaz, ihes egiten dute. Maniobra hori guztia oso azkarra izaten da, eta biktimari ez diote erreakzionatzeko denborarik ematen. Herritarrei gomendatzen zaie ez fidatzeko eta neurriak hartzeko antzeko egoeraren bat suertatuz gero.