Cabecera contenido seccion noticias
Eduki publikatzailea
22_0420 Ertzaintzak NRBQ gertaeretan lehenengo esku hartu behar dutenei buruzko jardunaldia antolatu du

Ertzaintzak NRBQ gertaeretan lehenengo esku hartu behar dutenei buruzko jardunaldia antolatu du
2022-06-01
Ertzaintzaren Iurretako egoitzan NRBQ erako egoeretako (Nuklearra, Erradiologikoa, Biologikoa eta Kimikoa) lehenengo jarduleei buruzko lan-jardunaldi bat egin da. Ertzaintzako Lehergailuak Indargabetzeko Unitateak eta Brigada Mugikorraren Unitateak koordinatutako jardunaldian gai honekin zerikusia duten jardueretan unitate espezializatuen erantzuteko gaitasuna ebaluatzen laguntzen duten metodologia ezberdinak aztertu dituzte.
Iurretan egin den lan-jardunaldia Europar Batasunaren MASC-CBRN (Methodology for Assessing States’ Capacity for Countering the Hostile Misuse of CBRN Knowledge and Materials) proiektuaren barruan egin da, Ertzaintzak bertan parte hartzen baitu eta kasu honetan baita jardunaldia antolatu ere, nazioarteko IBATECH enpresak babestuta.
“Workshop” honen helburua izan da lehenengo esku-hartzen duten unitateak elkartzea NRBQ mehatxuen aurrean esku hartzeko modu ezberdinak partekatu eta bateratzeko. Horretarako, Ertzaintzarekin batera parte hartu dute jardunaldietan hainbat kidegotako unitate espezializatuek: Polizia Nazionala, Esquadra Mossoak, Euskadiko Suhiltzaileak, Madrilgo Suhiltzaileak, Osakidetza, SAMUR, SUMMA112 eta Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritza.
Ekitaldian aztertu dute CBRN eragileen aurrean erantzuteko gaitasuna ebaluatzen lagunduko duen metodologia bat sortzea, nahita eragindakoak diren nahiz istripuzkoak diren era horretako gertaeren aurrean arriskuaren kudeaketa hobetzeko. Asmoa izan da egiturazko elementu arautzaileak eta arau-emaileak aurkeztea eta, aldi berean, esku hartzen dutenen parte-hartzea eginkorragoa izan behar dela aitortzea.
Ikuspegi akademiko-zientifiko-teknikotik eta operazio-ikuspegitik egin diren lan-saioetan agertoki ezberdinak azaldu eta eztabaidatu dituzte modu teorikoan, eta gero ariketa praktiko batzuk egin dituzte, jatorri kimikoa, biologikoa, erradiologikoa eta nuklearra duten egoeretako mehatxuei erantzuteko.