Cabecera contenido seccion noticias

Eduki publikatzailea

22_0438 Bi ikertu Durangoko establezimendu batean drogarekin trafikatzeagatik

Bi ikertu Durangoko establezimendu batean drogarekin trafikatzeagatik

Servicio de prensa

2022-06-07

Ertzaintzak egindako operatibo batean dirudienez lokalean saltzen zituzten gai sorgorgarriak, mota ezberdinetakoak, eta horiek ezkutatzeko, pisatzeko eta kontsumitzeko tresnak aurkitu dituzte. Establezimenduan toxikomanoak ibiltzen zirela ikusita, bizilagunen artean alarma sozial handia sortu zen, barruan gai sorgorgarriekin trafikatzen ari zitezkeela susmatzen baitzuten.

Joan den ostiralean, Ertzaintzak zaintza eta kontrol dispositibo bat jarri zuen Durangoko Landako auzoko establezimendu baten inguruan, ustezko bezeroen sartu-irteerak zaintzeko. Dispositibo horren bidez susmo bat egiaztatu nahi zuten, uste baitzuten barruan agian gai sorgorgarriekin trafikatzen zutela.

Operatiboan kontsumitzaile batzuk identifikatu zituzten lokaletik irten zirenean, eta ustez barruan eskuratutako substantziak atzeman zizkieten. Osasun publikoaren aurkako delitu bat egiten ari zitezkeela susmatuta, agenteek establezimenduan sartu eta arduraduna eta barruan zeuden bezero batzuk identifikatu zituzten.

Lokala ikuskatzen Ertzaintzako Txakurren Unitateak ere parte hartu zuen, eta miaketan marihuana, haxixa eta kokaina aurkitu zituzten lokaleko gela ezberdinetan ezkutatuta, bai eta baskulak, poltsa termozigilatuak eta substantzia ezkutatzeko manipulatutako poteak ere. Ebidentzia horien aurrean, ustezko arduradunari, 20 urtekoari, jakitera eman zioten ikerketapean geratuko zela droga-trafikoaren delituagatik. Lokalaren jabea, polizia-aurrekariak dituen 27 urteko gizonezkoa, ere egoera berean geratu da, hau da, arrazoi beragatik ikerketapean.

Lokala zigilatu egin dute eta agintari judizialaren eskuetan geratu da.