Cabecera contenido seccion noticias

Eduki publikatzailea

22_0467 Bost pertsona atxilotu dituzte Irungo enpresa batean alunizaje bidez lapurreta egin ondoren

Bost pertsona atxilotu dituzte Irungo enpresa batean alunizaje bidez lapurreta egin ondoren

Servicio de prensa

2022-06-17

Ertzaintzak 21 urtetik 46 urtera bitarteko bi gizon eta hiru emakume atxilotu ditu goizaldean Azpeitian, Irungo enpresa batean alunizaje bidez lapurreta egiteko erabili zuten autoan zihoazenean. Ertzaintzako Gipuzkoako baliabideen koordinazioari esker harrapatu ahal izan dituzte inplikatuak lapurreta egin eta berehala.

Gaur, ostirala, goizaldeko ordu bat eta erdiak aldera, Ertzaintzaren patruila bat Irungo enpresa batera agertu da, intrusio-alarma aktibatu dela eta instalazioetan norbait linterna batekin zebilela jakinarazi baitiote.

Patruilako kideek enpresa miatu dutenean, konturatu dira ate nagusia jasota zegoela eta bulegoetako eremuan indarra erabiliz lapurreta egin izanaren zantzuak zeudela, baina ez dute susmagarririk ikusi ez barruan ez inguruan.

Handik minutu batzuetara, segurtasun-kameren grabazioen bidez, lapurren modus operandia egiaztatu ahal izan dute, ikusi baitute auto batek ate nagusia jo duela behin eta berriz, harik eta irekitzea lortu duen arte, eta gizon bat sartu dela enpresan autotik jaitsi ondoren. Horrez gainera, agenteek ikusi dute emakume batek gidatzen zuela autoa eta beste bat atzeko eserlekuan zihoala. Patruilak irrati bidez eman ditu ibilgailuaren eta susmagarrien deskribapenak.

Goizaldeko hiruak aldera, Urola-Kostako Ertzain-etxeko baliabide batek geldiarazi du Azpeitian grabazioetan agertzen den ibilgailuarekin bat zetorren ibilgailu bat, eta, gainera, aurreko aldean, enpresako atea jo duen aldean, kalteak zituela ere ikusi dute.

Ibilgailuan bost pertsona, bi gizon eta hiru emakume, zihoazen. Bi emakume eta gizonezkoetako bat ere bat zetozen segurtasun-irudiak ikusi dituen patruilak emandako deskribapenekin.

Horregatik, agenteek bost pertsonak identifikatu eta atxilotu dituzte, ibilgailuan, besteak beste, ikertutako delituarekin erlazionatutako bihurkinak, linternak eta buru-beroki bat zeramatela egiaztatu ondoren.

Irungo Ertzain-etxetik gertaera ikertzen jarraitzen dute eta atxilotuak datozen orduotan jarriko dituzte agintari judizialaren eskuetan.