Cabecera contenido seccion noticias

Eduki publikatzailea

22_0481 Ertzaintzak, Guardia Zibilak eta Aduana Zaintzako Atalak droga-trafikoan ari zen talde kriminal bat desegin dute operazio bateratu batean

Ertzaintzak, Guardia Zibilak eta Aduana Zaintzako Atalak droga-trafikoan ari zen talde kriminal bat desegin dute operazio bateratu batean

Prentsa Zerbitzua

2022-06-24

Operazioan sei pertsona atxilotu dituzte Euskadin eta Nafarroako Foru Erkidegoan, 32 kilo “speed” eta hiru kilo marihuana atzeman dituzte eta dirutan 52.000 euro eta enkriptatutako bederatzi telefono aurkitu dituzte. Operazioaren esparruan, droga saltzeko zortzi puntu desaktibatu dituzte Euskadin eta Nafarroan.

Bilboko Ertzain-etxeko drogen aurkako taldeak, Nafarroako Guardia Zibilaren Polizia Judizialeko Unitate Organikoak eta Nafarroako Aduana Zaintzako Lurralde Atalak (DAVA) elkarlanean burutu duten “marioneta” operazioan substantzia sorgorgarriak erosten, ezkutatzen eta banatzen zituen eta Nafarroako Erriberan finkatuta zegoen talde kriminal bat desegitea lortu dute.

Operazioa iaz hasi zuten, agenteek egiaztatu zutenean Nafarroako Foru Erkidegoan finkatuta zegoen delitugile talde bat droga-trafikoan ari zitekeela.

Operazioarekin jarraituz, ikerketak taldearen buruan eta honen laguntzaile-sarean jarri zuen arreta, eta egiaztatu ahal izan zuten substantzia sorgorgarriak garraiatzen ari zirela. Taldearen egitura hierarkikoa ongi finkatuta zegoen eta bakoitzak eginkizun jakin batzuk zituen, eta talde kriminaleko kide izatearen delitua ere leporatu diete droga-trafikoaren delituaz gainera. Horrela bada, Ertzaintzarekin koordinatuta, 29 urteko eta 36 urteko bi gizon atxilotu zituzten, 30 kilo “speed” garraiatzen ari zirenean Bizkaian atzeman ondoren. Droga ibilgailuan “caleta” izeneko mekanismo sofistikatu batekin ezkutatuta zeramaten, polizia-miaketak saihesteko.

Atxiloketak eta miaketak

“Marioneta” izeneko operazioan 11 etxe eta finka bat miatu zituzten. Hamar miaketa Tuterako merindadean (Nafarroa) egin zituzten eta beste bat Bilbon.

Miaketa horien ondorioz, atzeman zituzten bi kilo “speed” (eta aurretik atzemandako 30 kiloei batuta, guztira 32 kilo “speed” atzeman dituzte), beste hiru kilo marihuana, dirutan 52.000 eurotik gora, taldeak zaintza-lanetarako erabiltzen zuen drone handi bat, enkriptatutako bederatzi telefono mugikor eta substantzia sorgorgarriak garraitzeko manipulatutako bi ibilgailu. Atzemandako objektuek, batez ere zaintza-lanetarako erabiltzen zuten droneak edo enkriptatutako telefonoek, agerian uzten dute taldeak segurtasun-neurri zorrotzak hartzen zituela bai joan-etorrietan bai kontaktuak ezartzean poliziaren zaintza-lana saihesteko.

Azkenean sei pertsona atxilotu zituzten, 28 urtetik 47 urtera bitarteko gizonezkoak, droga-trafikoaren eta osasun publikoaren aurkako delitu bat eta talde kriminaleko kide izatearen delitua leporatuta.  

Ertzaintzak, Nafarroako Aduana Zaintzako Lurralde Atalak eta Nafarroako Guardia Zibileko Delitugintza Antolatuaren eta Drogaren Aurkako Taldeak burutu duten operazio bateratu honekin desegintzat eman dute substantzia sorgorgarri ezberdinak erosten, banatzen eta saltzen zituen delitugile-sarea.

Jaitsi Okupatutako materialaren irudia