Cabecera contenido seccion noticias
Eduki publikatzailea

EAEn 18:00ak arte gertatutako zirkulazio-istripuen balantzea
Motor-gidari bat larri zauritu da Bergaran trafiko-istripuan
2022-06-29
Motor-gidari gazte bat, 21 urtekoa, oso larri zauritu da gaur, asteazkena, eguerdian, GI-627 errepidean, Bergarako udal-barrutian, gertatu den trafiko-istripu baten ondorioz. Biktimaren motozikleta bidetik atera da Maltzagarako noranzkoan zihoazenean.
Gaur, asteazkena, gertatu den zirkulazio-istripurik aipagarriena 12:35 aldera gertatu da GI-627 errepidean, Bergarako udal-barrutian (Gipuzkoan).
Ordu horretan, adierazitako errepidean Maltzagarako noranzkoan zihoan Kawasaki ZR motozikleta bidetik atera da, oraindik argitu ez diren arrazoiak tarteko, eta bideko bazter-babesarekin talka egin du.
Talkan jaso duen kolpe handiaren ondorioz, motor-gidaria oso larri zaurituta geratu da.
Istripua gertatu den lekura hurbildu diren larrialdietako zerbitzuek eman diote lehen laguntza biktimari, 21 urteko gizonezkoari, eta gero oso larri eraman dute anbulantzia medikalizatu batean Donostia Ospitalera.
Istripua gertatu den lekuan pilaketa handiak sortu dira, hasiera batean bi noranzkoetan itxi baita bidea. Gero Ertzaintzak txandaka eman die bidea ibilgailuei zirkulazioa arindu ahal izateko, harik eta 14:30ean errepidea erabat irekita geratu den arte.
Ertzaintzak dagokion ikerketa jarri du abian zoritxarreko istripuaren inguruabarrak argitzeko.