Cabecera contenido seccion noticias
Eduki publikatzailea
22_0518 Ertzaintzaren eta Zamorako Guardia Zibilaren arteko operazio bateratu batean bost pertsona atxilotu dituzte eta speed kopuru handi bat eta beste substantzia sorgorgarri batzuk atzeman dituzte

Ertzaintzaren eta Zamorako Guardia Zibilaren arteko operazio bateratu batean bost pertsona atxilotu dituzte eta speed kopuru handi bat eta beste substantzia sorgorgarri batzuk atzeman dituzte
2022-07-13
“VIDALA-ANGIE” izeneko operazioan droga-trafikoagatik atxilotuetako bat Zamorako Toro eskualdeko salmenta-puntuen hornitzaile nagusia zen, eta miaketetan substantzia sorgorgarri gehiago atzeman zituzten.
Hilabete batzuetan zehar Bilboko Ertzain-etxeko Droga Taldeko eta Zamorako Guardia Zibileko Komandantziako hainbat agente elkarrekin aritu dira ikertzen bi polizia-kidegoen mugapeetako droga-trafikoa geldiarazteko.
Zamorako Guardia Zibileko Delinkuentzia Antolatuaren-Drogaren aurkako Taldeak hasitako ikerketaren bidez, jakin ahal izan zuten Toro eskualdean bizi den pertsona batek substantzia sorgorgarriak banatzen zituela probintziako hainbat lekutan, eta substantzia horiek Euskadin errotutako hornitzaile bati erosten zizkiola.
Horrela hasi ziren elkarrekin lanean, substantzia sorgorgarrien trafikoan ari ziren pertsona horiek identifikatzeko. Aldi berean, bi salmenta-puntu aurkitu zituzten Toro eskualdean, eta egiaztatu ahal izan zuten Euskaditik hornitzen zituela ikertutako taldearen buruak.
Elkarrekin egindako ikerketa horien guztien ondorioz, joan den ekainaren amaieran zaintza-dispositibo bat ezarri zuten Barakaldon, taldeko kide nagusiak bertan elkartzekotan zirela jakin ondoren.
Topaketa horretan droga eta dirua trukatu zituzten inplikatuek, eta hiru pertsona atxilotu zituzten in fraganti eta anfetamina sulfatoa (speed), 2 kilo, eta, balio ezberdinetako billetetan, atzemandako salgaia ordaintzeko 9.000 euro konfiskatu zituzten.
Atxiloketa horietatik aurrera, eta Morales de Toro herrian (Zamora) beste bi pertsona atxilotu eta lau etxebizitza miatu ondoren, Guardia Zibilak amaitutzat eman zuen “VIDALA-ANGIE" operazioa. Miaketa horietan beste substantzia sorgorgarri batzuk eta droga-trafikoarekin erlazionatutako beste hainbat gauza atzeman zituzten.
Miaketak, jarduketak eta polizia-eginbideak amaituta, bost atxilotuak Toroko Instrukzio Epaitegiaren eskuetan jarri zituzten, eta agintari judizialak horietako hiru fidantzarik gabe espetxeratzeko agindua eman zuen; horietako bat Euskadin errotuta dagoen speed hornitzaile handi bat da.
Droga eta beste objektu batzuk atzeman dituzte
Guztira 2,100 kilogramo speed atzeman dituzte, eta MDMA, estasi, ketamina eta haxix kopuru handiak, 10 kilogramo marihuana, 10.000 euro balio ezberdinetako billetetan, telefono mugikor batzuk, ibilgailu bat eta drogak eta substantzia sorgorgarriak prestatzeko eta banatzeko hainbat tresna. Horrez gainera, Toro eskualdean substantzia sorgorgarriak saltzeko hainbat puntu desegin dituzte.