Cabecera contenido seccion noticias
Eduki publikatzailea

Barakaldon atxilotu dute kokainarekin eta ketaminarekin trafikatzeagatik
2022-08-04
Ertzaintzako agenteek 34 urteko gizon bat atxilotu dute Barakaldon droga-trafikoaren delitua leporatuta. Operatiboan 85 gramo kokaina atzeman zituzten bere autoan, ezkutuko gordeleku batean.
Joan den uztailean, Sestaoko Ertzain-etxeko drogen aurkako taldea gizon baten jarduerak ikertzen hasi zen, substantzia sorgorgarrien trafikoarekin zerikusia zuela baitzekiten. Berez, pertsona hori maiatzean ere atxilotu zuen Leioako Udaltzaingoak droga-trafikoagatik. Kasu hartan 100 gramo kokaina eta 200 gramo ketamina atzeman zizkioten.
Ikerketaren baitan egindako zaintza-lanetan droga txikizka saltzen zuela egiaztatu ahal izan zuten. Azkenean, asteartean, abuztuaren 2an, atzeman eta arrastatu zuten susmagarria Barakaldon “bezero” batzuekin zegoenean. Atxilotzeko unean, ikertuarekin zegoen pertsonetako batek kutxatila bat hartu zuen lurretik eta ertzainei botatzen saiatu zen, eta agintaritzaren agenteen aurkako atentatuaren delitua leporatuta atxilotu zuten, beraz.
Operatiboaren barruan, bi auto eraman zituzten polizia-egoitzara bertan miatzeko, horietako bat atxilotuarena eta bestea familiarteko batena. Autoetako bat miatu zutenean, 2,5 gramo droga aurkitu zituzten abiadura-palankan ezkutatua eta pistola elektriko bat aurreko panelean, fusibleen txokoan, gordeta. Beste autoan ezkutuko gordeleku bat aurkitu zuten atzeko eserlekuen azpian, irekitzeko sistema elektroniko konplexu batez hornitua, eta bertan 85 gramo kokaina, bi doitasun-balantza eta drogaren salmentarako erabili ohi diren plastiko-zatiak aurkitu zituzten.
Atxilotuak, 34 urtekoak, polizia-aurrekariak ditu, eta atzo arratsaldean jarri zuten agintari judizialaren eskuetan.