Cabecera contenido seccion noticias
Eduki publikatzailea

Donostia, bi atxilotu telefono mugikorrak lapurtzeagatik
2022-08-17
Ertzaintzak 26 eta 30 urteko bi gizon atxilotu ditu goizaldean Donostian, bertako jai-barrutian telefono mugikorrak lapurtzen harrapatu ondoren.
Goizaldeko 03:30 aldera, Donostiako Aste Nagusiaren esparruan bertako Gros auzoan delituen prebentziorako dispositibo berezian kale-jantzian parte hartzen ari ziren baliabideek bi gizon atxilotu dituzte lapurretan ari zirenean.
Agente jarduleak konturatu dira lapurretan ari zitezkeen bi gazte zelatan ari zirela, eta atzetik jarraitzea erabaki dute, beraz. Polizia-baliabideek ikusi dute bi pertsona horiek zerbait utzi dutela heskai batzuetan eta jai-barrutira itzuli direla. Jarduketaren une batean agenteek ikusi ahal izan dutenez, bi pertsona horiek hurbildu diren lekuan bi telefono mugikor zeuden.
Polizia-dispositiboak inguruan aurkitu ditu bi pertsona horiek, eta, identifikatu ondoren, lapurtutako hirugarren telefono mugikor bat aurkitu diete. Gorputz-miaketan txartel batzuk eta diru-zorro bat ere aurkitu dizkiete, eta ez dute horien jatorria frogatzen jakin.
Horren guztiaren aurrean, bi pertsonak atxilotu dituzte lapurreta egitea leporatuta, eta polizia-egoitzara eraman dituzte dagozkion eginbideak hasteko. Biak gaur egunean zehar jarriko dituzte agintari judizialaren eskuetan Donostiako Guardiako Epaitegian.