Cabecera contenido seccion noticias

Eduki publikatzailea

22_0603 Galdakaon gizon baten gorpuaren aurkikuntza ikertzen ari da Ertzaintza

Gorpua argiteria publikoko kutxatila baten barruan zegoen

Galdakaon gizon baten gorpuaren aurkikuntza ikertzen ari da Ertzaintza

Prentsa Zerbitzua

2022-08-23

Zorigaiztoko gertaera gaur goizeko zazpiak hamar gutxiagotan izan da, auzokide batek ohartarazi duenean gizon baten gorpua aurkitu duela bide publikoan, kutxatila baten barruan. Larrialdi Zerbitzuko hainbat kide bertaratu dira eta pertsona hilik zegoela egiaztatu dute. Heriotzaren arrazoiak eta gizona, instalaziotik kablea lapurtzeko asmoz, kutxatilaren barrualdea manipulatzen ari zenean hil ote zen ikertzen ari dira.

Galdakaoko Bengoetxe auzoan gertatu da ezbeharra, gaur goizaldean. Auzokide batek gizon bat ikusi du kutxatila baten barruan, eta mugitzen ez zela ohartu denean, SOS Deiak-112 Larrialdi Zerbitzura deitu du, eta honek polizia- eta osasun-baliabideak bidali ditu bertara. Suhiltzaileak eta teknikariak ere joan dira.

Beharrezko egiaztapenak egin ondoren, osasun-langileek baieztatu dute pertsona hori hilik zegoela. Ertzaintzako agenteek ingurua ikuskatu dute, eta zenbait ebidentzia aurkitu dituzte; horien arabera, litekeena da biktima kutxetaren barrualdea manipulatzen ari zenean —kable elektrikoa lapurtzeko asmoz— hil izana.

Gorpua —oraindik identifikatu gabe dago— Bilboko Auzitegiko Patologiako Zerbitzura eraman dute, epailearen aginduz. Ertzaintzak ikerketa abiatu du biktima identifikatzeko eta heriotzaren nondik norakoak zehazteko.