Cabecera contenido seccion noticias
Eduki publikatzailea
22_0619 Udako irteera-itzulera operazio berezia 2019an baino nazioarteko trafiko gehiagorekin, % 6 gehiagorekin, amaitu da

Udako irteera-itzulera operazio berezia 2019an baino nazioarteko trafiko gehiagorekin, % 6 gehiagorekin, amaitu da
2022-09-08
• Estimazioen arabera, 1.900.000 ibilgailuk gurutzatu dute Euskadi uda honetan nazioarteko joan-etorrietan (hasieran aurreikusitakoa baino 50.000 gehiago) • Trafiko-istripuak % 10 gutxiago izan diren arren, 11 pertsona hil dira errepideetan uztailean eta abuztuan (2021ean baino 5 gehiago)
Oraindik iraileko datuak falta badira ere, Sonia Díaz de Corcuera Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendariak Udako Irteera-Itzulera Operazio Bereziaren lehenengo balantzea egin du, eta nazioarteko trafikoak 2019koarekin alderatuta % 6 gora egin duela nabarmendu du, bi urtez aktibatu gabe egon ondoren Itsasartea Igarotzeko Operazioa aktibatu izanaren ondorioz. 2021eko datuekin alderatzen badugu, iaz Portugala zihoazen ibilgailuek bakarrik gurutzatu baitzuten Euskadiko errepide-sarea, igoera % 15ekoa izan da. Zirkulazioari buruzko datuak parekatzeko moduko egoera bat aurkitzeko, 2019ra egin behar da atzera.
Kontuan izanda iraila, trafikoari dagokionez, ekaina bezalakoa izan ohi dela, kalkulatzen da aurtengo udan, ekainetik irailera, ibilbide luzeko joan-etorriak 3.800.000 izango liratekeela, hau da, Euskadi joaneko 1.900.000 ibilgailuk zeharkatuko zutela eta etorriko beste hainbestek. Zifrek aurreikuspen guztiak gainditzen dituzte, eta horietan ez du eraginik izan erregaien prezioaren igoerak.
Nazioarteko trafikoaren igoera hori batez ere Gipuzkoan nabaritu da, bereziki Biriatuko ordainlekuan eta itzuleran, bai eta Burgos/Madrilerako noranzkoan ere; puntu horietan beste urte batzuetan baino ilara luzeagoak sortu dira. Beste alde batetik, behera egin du mugako probintzietarako trafikoak, esate baterako, Kantabriarako trafikoa % 2,84 gutxitu da iazkoarekin alderatuta; Nafarroarako trafikoak, aldiz, % 6 egin du gora 2021ekoarekin alderatuta. Ikusten da, beraz, erregaien prezioen goranzko joerak agian izan duela eragina barruko trafikoan. Bestalde, euskal herritarrek aurtengo udan neurri handiagoan aukeratu dituzte joan-etorria hegazkinez egitea eskatzen zuten oporretarako helmugak.
Eusko Jaurlaritzak Armiñongo lotunean eta N-622 errepideko lotunean, Gasteizerako noranzkoan, eta A-1 eta AP-1 errepideetan, Madrilerako noranzkoan, abian jarritako operazio bereziei esker, trafikoa arina izan da joan-etorri asko izan diren aldi horretan.
Hain zuzen ere, A-8ko zirkulazioa, Kantabriarako noranzkoan, istripuren bat gertatuz gero zertxobait arindu ahal izateko, Eusko Jaurlaritzak hitzartutako garabi bat jarri du Barakaldo eta Kantabriarako muga bitartean jaiegunetan eta ibilgailu gehien ibiltzen diren asteburuetan. Guztira 12 erreskate egin ditu (7 matxuragatik eta 5 istripuagatik), eta 2021eko udan, berriz, 13 erreskate egin zituen (10 matxuragatik eta 3 istripuagatik), zerbitzu horren egun-kopurua % 20 igo den arren 2021eko udarekin alderatuta.
Irteera-operazioa
Irteera-operazioa arintasunez egingo zela bermatzeko, abuztuaren 5ean eta 6an A-1en paraleloan doan N-1eko ordezko bidea erabiltzea gomendatu zuten Argantzun eta Armiñongo AP-1erako sarbide artean, 6 kilometrotik gorako ilarak sortu baitziren (2021ean ez zen beharrezkoa izan).
Araban ez zen ilara handirik sortu irteera-operazioan.
Bizkaian, bestalde, trafiko astuna batez ere asteburuetan Bilbotik Kantabriako kostalderako irteeretan hauteman zen, nahiz eta ez ziren 2019ko ilarak sortu. Horrela, uztailaren 8an 13 kilometrora arteko ilarak sortu ziren A-8an, Muskiz eta Trapagaran artean, Kantabriarako noranzkoan, errepide horretan gertatutako istripu baten eta matxura batzuen ondorioz.
Gipuzkoan ilara luzeenak uztailaren 5ean sortu ziren mugan, AP-8an, Frantziarako noranzkoan, 8 kilometroko auto-ilarak sortu baitziren Biriatun.
Itzulera-operazioa
Itzulera operazioan Eusko Jaurlaritzak seinaleztapen berezia jarri zuen Armiñongo lotuneko trafikoa arintzeko AP-1 autobideko irteeran, Gasteizerako noranzkoan. Konoen bidez A-1eko hiru erreietako bat uzten da AP-1etik sartzen diren ibilgailuentzat.
Gipuzkoan ilarak aurreko urteetakoak baino luzeagoak izan dira, baita 2019koak baino luzeagoak ere, Biriatuko ordainlekuan, Itsasartea Igarotzeko Operazioa aktibatu izanaren ondorioz. Horrela, abuztuaren 26an 12 kilometroko ilarak sortu ziren puntu horretan, Frantziarako noranzkoan. Aurretik, abuztuaren 10ean, ordainlekua itxi egin zen kamioientzat Frantzia aldean izandako sute baten ondorioz, eta 7 kilometroko ilarak sortu ziren. Horrez gainera, ilara luzeak sortu ziren hainbat egunetan GI-636 errepidean, Irunen, Frantziarako noranzkoan, bai eta Irungo eta Zarauzko ordainlekuetan ere, bi noranzkoetan.
Bizkaian iaz baino pilaketa txikiagoak izan dira, eta Araban 2021ean baino handiagoak eta 2019koen antzekoak. Arabako lurraldean pilaketarik handienak abuztuaren 25ean sortu ziren A-1 eta N-622 elkartzen diren lekuan, Irunerako noranzkoan, eta 9 kilometrora arteko ilarak sortu ziren.
Istripuen tasa
Istripuen tasa % 10 murriztu da iazkoarekin alderatuta (eta % 12 2019koarekin alderatuta). Guztira 1.085 istripu gertatu dira: 422 Bizkaian, 413 Gipuzkoan eta 250 Araban. Uztailean eta abuztuan Euskadiko errepidetan gertatu diren istripuetan guztira 11 pertsona hil dira (sei Gipuzkoan, lau Bizkaian eta bat Araban). Hildakoak 2021eko denboraldi berean baino 5 gehiago izan dira, eta horietako hiru oinezkoak ziren, lau motor-gidariak eta gainerakoak autoen edo beste ibilgailu batzuen gidariak.
Aurtengo urtean, orain arte, 38 pertsona hil dira Euskadiko errepideetan, eta horietatik 14 motorrean zihoazen, bat bizikletan, 12 oinez eta gainerakoak autoetan edo bestelako ibilgailuetan.