Cabecera contenido seccion noticias
Eduki publikatzailea
22_0845 Ertzaintzak urriaren 14ko goizaldean Barakaldon indarkeria erabiliz egindako lapurreta argitu du

Ertzaintzak urriaren 14ko goizaldean Barakaldon indarkeria erabiliz egindako lapurreta argitu du
2022-11-16
Ertzaintzak 19 eta 25 urteko bi gazte atxilotu ditu indarkeria erabiliz lapurreta egitearen delitua eta lesio-delitua leporatuta, urriaren 14ko goizaldean Barakaldoko herritar bati eraso eta lapurreta egin ondoren. Ikerketak zabalik jarraitzen du.
Joan den urriaren 14ko goizaldeko 03:00etan, gazte batzuk hurbildu zitzaizkion Barakaldoko herritar bati bertako San Vicente auzoan. Inplikatuek jo egin zuten biktima, eta bere gauzak, horien artean, mugikor bat, erloju bat eta dirua, kendu zizkioten. Jasandako erasoaren ondorioz, biktima ospitalean artatu behar izan zuten.
Zegokion salaketa jarri ondoren Sestaoko Ertzain-etxeko agenteek hasitako ikerketari esker identifikatu eta atxilotu zituzten atzo, asteartea, lapurretan inplikatutako bi gazte. Arrastatuetako bati biktimari lapurtutako mugikorra aurkitu zioten.
Ertzaintzak zabalik du ikerketa, eta ez du baztertzen atxiloketa gehiago egitea.
Dagozkion polizia-eginbideak amaitu ondoren, bi atxilotuak Barakaldoko Guardiako Epaitegiaren eskuetan jartzea espero dute.