Cabecera contenido seccion noticias
Eduki publikatzailea
22_0886 Irun, gizon bat atxilotu dute hilketa-saiakera, agintaritza-agenteen aurkako atentatua eta kalteak leporatuta

Irun, gizon bat atxilotu dute hilketa-saiakera, agintaritza-agenteen aurkako atentatua eta kalteak leporatuta
2022-12-05
Ertzaintzako agenteek 33 urteko gizon bat atxilotu dute gaur goizaldean Irunen, Udaltzaingoko agenteen aurkako ustezko hilketa-delituaren saiakeraren akusaziopean, agenteei hainbat labankada ematen saiatu baita —agenteak harrapatu gabe— eta butano-bonbona bati su eman baitio, agenteen bizitzaren kontra atentatuz. Higiezina hustu behar izan dute berehalako leherketa-arriskua zela eta.
Atzoko gaueko hamaikak pasata zirela, Irungo Udaltzaingoko agenteek laguntza eskatu zioten Ertzaintzari, etxe batean baitzeuden arma zuriz egindako ustezko eraso batengatik bertaratu ondoren. Etxebizitzara iritsi, eta etxebizitzako atea zabalik zegoenez gero, barrura sartu zirenean ikusi zuten labana eskutan zuen gizonezko bat bere buruari lesioak egiten ari zela. Arma kendu nahi izan ziotenean, gizonak agenteei labankadak ematen saiatu zen, inor zauritu gabe. Ondoren, butano-bonbona bat hartu zuen, eta, balbula ireki ondoren, pizgailu batez sua eman zion ateratzen ari zen gasari, agenteak harrapa zitzan. Ondoren, etxean lubakitu da. Higiezina hustu behar izan zuten leherketa gerta zitekeelakoan, etxebizitzan gutxienez bost butano-bonbona baitzeuden.
Ertzaintzaren negoziatzaileek zenbait saio egin dituzte jarrera hori bertan behera utz zezan, baina, azkenean, esku-hartze unitateko agenteak etxebizitzan sartu, eta pertsona hori ia konorterik gabe aurkitu dute. Hori dela eta, ospitalera eraman dute eta egoera kontrolatuta geratu da. Giza hilketaren saiakera, agintaritza-agenteen aurkako atentatua eta jabetzaren aurkako kalte-delituaren akusaziopean atxilotu dute.