Cabecera contenido seccion noticias
Eduki publikatzailea
22_0943 Gizon bat atxilotu dute Iruñean, joan den urrian Gasteizko banketxe batean armak erabiliz egindako lapurretarekin zerikusia izateagatik

Gizon bat atxilotu dute Iruñean, joan den urrian Gasteizko banketxe batean armak erabiliz egindako lapurretarekin zerikusia izateagatik
2022-12-30
Ertzaintzaren ikerketei esker atxilotu ahal izan du Nafarroako Foruzaingoak Iruñean joan den urrian Gasteizko Arana auzoko banketxe batean armak erabiliz egindako lapurretan parte hartu zuelako bila zebiltzan 52 urteko gizona. Agintari judizialaren eskuetan jarri ondoren, honek espetxean sartzeko agindua eman du.
Lapurreta joan den urriaren 6an, 14:00ak aldera, gertatu zen Arabako hiriburuko banketxe batean. Bi gizon banketxean sartu ziren, eta kanoiak ebakitako eskopeta batekin une horretan barruan zeuden langileak beldurtu zituzten, eta, ondoren, plastikozko bridekin immobilizatu zituzten. Bi pertsonek txapela, eguzkitako betaurrekoak eta maskarak zituzten jantzita aurpegiak estaltzeko. Hala ere, lapurreta zapuztu egin zitzaien poliziari abisu bat iritsi zitzaiolako, eta bi gizonek ihes egin zuten banketxetik euren helburua lortu gabe.
Gasteizko Ertzain-etxeak lapurreta argitzeko hasitako ikerketarekin Arabako Ikerketa Kriminaleko Lurralde Zerbitzuak jarraitu zuen, bi pertsonak identifikatu eta atxilotu ahal izateko.
Gasteizen gertaera ikertzen ari zirenean, urriaren 26an, antzeko ezaugarrietako beste lapurreta bat egin zuten Bilboko La Peña auzoan, eta Ertzaintzak azkar esku hartu izanari esker berehala atxilotu zituzten bi lapurrak, eta, gainera, lapurtutako dirua berreskuratu zuten eta su-arma bat, eskopeta bat, eta kartutxoak konfiskatu zituzten, eta guztiak Ertzaintzaren Polizia Zientifikoaren Unitateko balistika atalera bidali zituzten.
Arabako Ikerketa Kriminaleko Lurralde Zerbitzuko ikertzaileek bat-etortzeak hauteman zituzten aipatutako bi lapurreten artean, eta ebidentziak aztertu ahala egiaztatzen joan ziren. Ondorioztatu zuten Bilboko lapurretako batek, espetxean sartu zutenak, Gasteizko banketxean indarkeria erabiliz egindako lapurretan ere parte hartu zuela kanoiak ebakitako arma hartuta, baina bigarren lapurra, aldiz, beste bat zela.
Iruñean aurkitu eta atxilotu dute
Ikerketetan aurrera egin ahala, Gasteizko lapurretan parte hartu zuen bigarren pertsona identifikatu ahal izan zuten, honek ere delitu-aurrekariak zituen eta, segur aski, jada ez zegoen Euskal Autonomia Erkidegoan. Ertzaintzak laguntza eskatu zien beste polizia-kidego batzuei gizona identifikatu eta aurkitzeko. Elkarlan horri esker, joan den asteartean, abenduaren 27an, Nafarroako Foruzaingoak atxilotu zuen gizona, 52 urtekoa, Nafarroako hiriburuan. Era berean, sarrera eta miaketa bat egin ziren etxebizitza batean, eta ikertutako delituarekin lotutako hainbat ebidentzia aurkitu ziren.
Ondoren, atxilotua agintari judizialaren aurrera eraman zuten eta honek gizona espetxeratzeko agindua eman zuen.