Cabecera contenido seccion noticias

Eduki publikatzailea

22_2021 Sestaoko eta Muskizeko ertzain-etxeek 30 urte bete dituzte, herritarrei polizia-zerbitzua emateko ezkerraldean eta meatzaldean hedatu zirenetik

. Bi ertzain-etxeek Abanto eta Zierbena, Barakaldo, Muskiz, Ortuella, Portugalete, Santurtzi, Sestao, Trapagaran eta Zierbenako 260.000 pertsonari baino gehiagori ematen diete babesa eta segurtasuna . 460 agentek lan egiten dute bi mugapeetan, eta horien lanak hainbat ezaugarri ditu: Kantabriako mugan egotea, merkataritza gune handietan izaten diren pertsona-fluxu handiak eta Bilbao Exhibition Centre bertan izatea. Horrez gainera, 600 enpresari baino gehiagori ematen diete arreta, horien artean azpiegitura kritiko handiei: Bilboko Portua, findegiak, gas likidotua lurruntzeko instalazioak, garraio- eta logistika-instalazioak, ontzi konpainiak, hidrokarburo-enpresak etab. . Sestaok 6.500 arau-hauste penal instruitu eta izapidetu zituen 2021ean, eta Muskizek 4.000 bat atestatu bideratu zituen

Sestaoko eta Muskizeko ertzain-etxeek 30 urte bete dituzte, herritarrei polizia-zerbitzua emateko ezkerraldean eta meatzaldean hedatu zirenetik

Servicio de prensa

2022-09-10

Josu Erkoreka lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko Sailburuak, Rodrigo Gartzia Segurtasuneko sailburuordeak, Victoria Landa Ertzaintzaren zuzendariak eta Josu Bujanda Ertzaintzaren buruak Sestaoko eta Muskizeko ertzain-etxeak ireki zireneko 30. urteurreneko ekitaldian parte hartu dute gaur, larunbata.

Bi ertzain-etxeak ezkerraldean eta meatzaldean, Euskadiko mendebaleneko eskualdean daude, Kantabriako mugan, eta Abanto-Zierbena, Barakaldo, Muskiz, Ortuella, Portugalete, Santurtzi, Sestao, Trapagaran eta Zierbenako 250.000 pertsonari baino gehiagori ematen diete babesa eta segurtasuna. Berez, urteurreneko ekitaldian herri horietako alkateak, segurtasuneko zinegotziak eta udaltzaingoen buruak izan dira, Ertzaintzako beste agintari batzuekin eta Segurtasun Saileko kargudunekin batera.

Bi ertzain-etxeek aktiboki elkarlanean dihardute zerbitzua ematen dieten herrietako udaltzaingoekin, eta jarduera-eremuko herritar guztiei zerbitzu integrala eta gertukoa ematen diete.

Omenaldia zerbitzuan hildako agenteei

Ekitaldian oroigarri bana eman diete ertzain-etxeei bertako langileak zoriontzeko eta 30 urte hauetan arrakastaz egin duten lana eskertzeko. Era berean, sari bana eman diete orain dela 30 urte Sestaoko eta Muskizeko hedapenean parte hartu zuten eta gaur egun bi ertzain-etxeetako batean oraindik ere zerbitzuan jarraitzen duten 8 agenteei.

Gainera, Josu Erkorekak eta Josu Bujandak lore-eskaintza egin dute zerbitzuan hildako ertzain guztiak, eta, bereziki, ETAren atentatuen ondorioz hildako eta zauritutako agente guztiak, gogoratzeko.

Azkenik, ospakizunean Ertzaintzaren Txakur Unitateak eta Polizia Zientifikoaren Unitateak krimen baten ondoren abian jarritako ikerketa-prozesua eta laginak hartzeko prozesua berregin dute polizia-materiala eta zientifikoa zuten karpa batean.

1992, ezkerraldeko eta meatzaldeko hedapena

Historikoki, aro demokratikoa ezarri zenetik 10 bat urte igaro zirenean hedatu zen Ertzaintza Sestaon eta Muskizen (egungo Ertzaintzaren lehenengo promozioa 1982ko otsailekoa da). Ertzaintza nabarmen finkatu zen 1991n Laudioko, Errenteriako eta Eibarko ertzain-etxeak ireki zirenean.

Urte horretako irailean sartu zen Ertzaintzaren hamargarren promozioa “Arkauteko Polizia Akademian, eta horiek bete zituzten handik urtebetera, 1992ko irailean, Nerbioi itsasadarraren ezkerraldeko eta Bizkaiko meatzaldeko bi ertzain-etxeetako, Muskizeko eta Sestaoko, plazak.

Sestao, merkataritza-gune eta pertsona-mugimendu handiak

Sestaoko Ertzain-etxea 1992ko irailean inauguratu zen eta bertako, Trapagarango eta Barakaldoko 140.000 bat pertsonari ematen die zerbitzua. Hiru hiriburuen ondoren, Barakaldo da, biztanleria-bolumenari dagokionez, Euskadiko hirugarren hiri garrantzitsuena, eta, horregatik, Ertzaintzaren Herritarren Arretarako Bulego bat (HAB) ere badu urteko 365 egunetan, eguneko 24 orduetan, zabalik.

Gaur egun, unitate horretan 268 agentek betetzen dute zerbitzua, 231 gizonek eta 37 emakumek. Sestaokoa Euskadiko laugarren ertzain-etxea da arau-hauste penalen bolumenean, Bilbokoaren, Gasteizkoaren eta Donostiakoaren atzetik.  

Ertzain-etxearen mugapean urtean milioika pertsona mugitzen dira, bai bertakoak, bai Bizkaikoak eta bai Euskadiko, Estatuko eta atzerriko beste leku batzuetakoak, merkataritza gune handiak, Bilbao Exhibition Centre eta bi ospitale, Gurutzetako ospitalea eta San Eloy ospitalea, baitaude bertan.

Sestaoko Ertzain-etxeak eta Muskizekoak barruti judiziala partekatzen dute Barakaldoko Epaitegien egoitzan.  

Muskiz, Kantabriako muga, portua eta azpiegitura handiak    

Muskizeko Ertzain-etxeak ere 1992ko irailaren amaieran ekin zion bere bideari, eta Santurtzi, Portugalete, Abanto eta Zierbena, Ortuella, Zierbena eta Muskizeko 120.000 pertsona ingururi ematen die zerbitua gaur egun. Bertan, une hauetan, 192 agentek, 162 gizonek eta 30 emakumek lan egiten dute eta ematen dute zerbitzua.

Mugapearen berezitasuna Euskadi mendebaldean Kantabriarekin muga egitea da. Gainera, segurtasun-zerbitzua ematen die 600 enpresa eta azpiegitura kritiko handiei; horien artean daude Bilboko Portua, findegia, gas likidotua lurruntzeko instalazioak, garraio- eta logistika-instalazioak, ontzi-konpainiak, hidrokarburo-enpresak, etab.

Gainera, Ertzain-etxea Ezkerraldea-Meatzaldeko Parke Teknologikoaren babesa eta segurtasuna bere gain hartzekotan da, 2027an bertan kokatuko baita guztira 50 hektarea hartuko dituen Elikagai Campusa.

Bestalde, Muskizeko Ertzain-etxeak Herritarren Arretarako bi Bulego ditu, bat Portugaleten eta bestea Santurtzin.

Gainera, eta batez ere uda-garaian, Muskizen eta Zierbenan dagoen Areetako hondartzara milaka pertsona hurbiltzen dira egunero bertako aisialdi guneaz gozatzera, eta hori garrantzi handiko arreta gunea bihurtzen da uda-garai horretan Ertzain-etxeko jardueraren barruan. Zalantzarik ez dago jende asko biltzen duten garrantzi handiko ekitaldiak ere antolatzen direla eremuan, eta 2022an aipa daitezke Portugaleteko Hiria sortu zeneko 700. urteurrena, 2022ko Txirrindulari Itzulia, estropadak, etab.

Jaitsi erantsitako dokumentua

Jaitsi erantsitako dokumentua

Jaitsi erantsitako dokumentua