Cabecera contenido seccion noticias

Eduki publikatzailea

23_0028 Ertzaintzak Mundakan, Busturian eta Gernikan aparkatutako hainbat ibilgailuri ustez su eman zien pertsona atxilotu du

Ertzaintzak Mundakan, Busturian eta Gernikan aparkatutako hainbat ibilgailuri ustez su eman zien pertsona atxilotu du

Servicio de prensa

2023-01-12

Ertzaintzaren garrantzizko ikerketa baten ondorioz 38 urteko gizon bat atxilotu dute batez ere 2022ko udan, urrira bitartean, Mundakako, Busturiako eta Gernikako aire zabaleko hainbat aparkalekutan zeuden ibilgailuei nahita su ematea leporatuta. Ikerketek su emanda 28 ibilgailuri egindako erabateko kalteetan edo kalte partzialetan inplikatuko lukete atxilotua.

Ikerketa nagusia joan den abuztuan hasi zuten eta udazkenean areagotu zuten, lehenbizi Mundakako Goitiz bidean eta Basamortu kaleko aparkalekuan aparkatuta zeuden ibilgailuetan 2022ko abuztuaren 9an eta 14an, hurrenez hurren, izandako bi suterengatik.  Bi sute horietan 21 autok jasan zituzten erabateko kalteak edo kalte partzialak. Bestalde, urriaren amaieran Gernikan gauez izandako beste sute bat ikertu zuten. Kasu horretan ere suak hainbat ibilgailu kaltetu zituen, eta, gainera, autokarabana batean lotan zegoen pertsona bat herritar batek ohartarazi zuen suaz eta ihes egin behar izan zuen kalte pertsonalik ez jasateko. Sutearen ondorioz, autokarabana kiskalita geratu zen.

Bi suteen begi-ikuskapenek Gernikako Ertzain-etxearen eta Ertzaintzako beste zerbitzu batzuen lana bateratu zuten hainbat hilabete iraun zituen ikerketa neketsu batean, eta ikerketaren barruan Mundakan, Busturian eta Gernikan izandako beste sute batzuk ere ikertu zituzten. Sua, normalean, auto batean hasten zen eta, kasu batzuetan, inguruko beste auto batzuetara hedatzen zen. Ertzaintzaren polizia-lana Mundakako eta Gernikako udaltzaingoekin koordinatu da.  

Polizia-ikerketetan aipatutako hiru herri horietan gertatutako suteak ikertu dituzte, eta horietan guztira 28 ibilgailuk jasan zituzten kalteak abuztutik urrira bitartean. Ertzaintzaren ikerketaren ondorioz identifikatu, aurkitu eta atxilotu ahal izan dute gertakari horien ustezko egilea kalte-delitua leporatuta, eta gizona atzo, asteazkena, atxilotu zuten Gernikako Ertzain-etxearen mugapean.

Arrastatua Ertzaintzaren egoitzara eraman zuten polizia-eginbideekin jarraitzeko, eta gero agintari judizialaren eskuetan jarri zuten Gernika-Lumoko Guardiako Epaitegian.