Cabecera contenido seccion noticias
Eduki publikatzailea
23_0139 Bizkaia, hiru atxilotu eta ikertu bat Ertzaintzak talde kriminal baten kontra egindako operazioan

Bizkaia, hiru atxilotu eta ikertu bat Ertzaintzak talde kriminal baten kontra egindako operazioan
2023-03-08
Ertzaintzak 42, 41 eta 38 urteko hiru gizon atxilotu ditu Bizkaian higiezinen esparruan estortsioan eta iruzurrean aritzen zen talde kriminal bateko kideak izatea leporatuta. Atxilotuei legearen aurkako atxiloketa, sekretuak argitara eta jakitera ematea, indarkeria erabiliz lapurreta egitea, koakzioa eta lesioak leporatu dizkiete, eta delitu horiengatik ari dira ikertzen. 2020an hasitako polizia-operazio honetan beste pertsona bat ikerketapean geratu da.
Ertzaintzak 2020ko uztailean izan zuen, Bilboko higiezin baten salerosketaren esparruan, delitu izan zitezkeen egintza batzuen berri, horien artean, legearen aurkako atxiloketa, larderiaz lapurreta egitea, lesioak eta hiltzeko mehatxuak.
Horren aurrean, ertzainek kasuaren instrukzioa hasi zuten, baina kasu konplexua zenez eta adarrak Estatu osoan zituenez, denboran luzatu egin da, talde kriminalak zegozkion neurriak hartzen baitzituen legearen kontra egiten zituen egintzak ez detektatzeko. Ikerketa horren esparruan, Polizia Kidego Nazionalak, Terrorismoaren eta Krimen Antolatuaren aurkako Inteligentzia Zentroaren (CITCO) bidez, Ertzaintzari jakinarazi zion haiek ere talde bera ikertzen ari zirela Madrilen gertatutako egintza batzuengatik, eta koordinazio horrek froga inkriminatzaileak lortzeko aukera eman zuen, talde kriminal horrek Ertzaintzak ikertutako egintzetan parte hartu zuela frogatzeko.
Hiru pertsona horiek atxilotzea ahalbidetu duen polizia-operazioa aste honetako astelehenean eta asteartean burutu da, eta higiezinetako operazioen esparruan estortsioan eta iruzur egiten aritzen zen talde kriminaleko partaideak izatea leporatu diete.
Hiru atxilotuak atzo jarri zituzten agintaritza judizialaren eskuetan Bizkaiko hiriburuko Justizia Jauregian.