Cabecera contenido seccion noticias
Eduki publikatzailea

Donostia, bi atxilotu okindegi batean lapurreta egiten saiatzeagatik
2023-03-10
Ertzainek 25 eta 28 urteko bi gizon atxilotu dituzte gaur, ostirala, goizaldean, Donostian, kristala hautsita barrura sartu diren okindegian, indarra erabiliz lapurreta egiten saiatzea leporatuta. Inplikatuetako bat aurten bost aldiz atxilotu dute antzeko ekintzengatik.
Goizaldeko lau eta erdiak aldera, herritarrak babesteko lanetan ari ziren patruilak Loiola auzoko denda batera hurbildu dira, segurtasun-alarma aktibatu ondoren. Iritsi bezain laster aurkitu dute inguruan urte hasieratik Gipuzkoako hiriburuko merkataritza-establezimenduetan indarra erabiliz lapurreta egiteagatik hainbat aldiz atxilotu duten pertsona bat. Lokaleko kristal bat hautsita zegoela eta bertatik barrura sar zitekeela egiaztatu ondoren, gizona atxilotu egin dute.
Lekuan bertan egindako polizia-ikerketaren bidez jakin dute lapurretan, dirudienez, bigarren pertsona batek ere parte hartu duela. Horrela, handik pixka batera aurkitu dute beste gizonezko bat autobus-geltokian, eta egitateetan ustez parte hartu izanagatik atxilotu dute.
Polizia-aurrekariak dituzten bi atxilotuak agintari judizialaren eskuetan jarriko dituzte dagozkion polizia-eginbideak amaitutakoan.